XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikaragarria izaten omen da beti ondorena.

Irribarre egin eta dio: bai maite bada, baita maite ez bada ere, ikaragarria izaten da beti.

Gauean pasatuko omen da, gaua heldu bezain pronto.

Nik esan diot ezetz, ez dela soilik egunez egin izanagatik, oker dabilela, halako tristura batean nagoela sartua, aurrez espero nuen eta nigandik baino heldu ez den tristuran.

Beti izan naizela tristea.

Tristura berbera sumatu izan dudala txikitako argazkietan ere.

Hainbestekoa dela gaur tristura horrek, beti sentitu izan dudan tristura bera dela aitorturik ere, neronekin duen antza, ezen nire izena ere jar bainiezaioke ia.

Gaur, esan diot, halako ongizate bat da niretzat tristura hori, hementxe bainago, behingoz eroria, nire amak betidanik bere biziko basamortuan deiadarka iragarri izan duen zoritxarrean eroria.

Ez ditut zehatz-mehatz ulertzen, diot, nire amaren hitzak; badakit, ordea, hauxe dela nik espero nuen gela.

Erantzungo ez didala jakinda ari naiz hizketan.

Nire amak, esan diot, Jainkoaren apostoluek bezala oihukatzen ditu bere usteak.

Ez omen da deus ere espero behar, oihukatzen du, inoiz ere ez, ezta inorengandik ere, ez inongo Estaturengandik, ez inongo Jainkorengandik ere.

Mintzo natzaiolarik, begira-begira daukat, ez dit begirik kentzen, mintzo natzaiolarik ahora begiratzen dit, biluzik nago, ferekatzen nau, agian ez dit entzuten, ez dakit.

Esan diot ez dudala inolaz ere arazo pertsonal bihurtu nahi aurkitzen naizen egoera zorigaiztokoa.

Soil-soilik kontatu diot zeinen zail den jatea, janztea, bizitzea azken finean, amaren soldata hutsetik.